XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez sabela berdindu arte -Xebastianek, noski.

- Hori duk arrazoia! -ezkontzara gonbidaturiko beste norbaitek.

Eta bi minutu baino lehen, esku batean xanpain-koktela, bestean kroketa ketsua, han ari gintuan ahoa bete-bete eginda, korroan, biribilean, honetaz eta hartaz, ia familiako eginak.

Halako batean sekula baino nekezago pasatu zuan xanpaina Xebastianen zintzurrean.

- Hi, Antonio-esan zidaan diximuluan-. Oztia, hauek ez dituk gure nobiuk!

Egia. Ez zituan Arantzazuko aldare aurrean gure ongi-nahiak jaso zituztenak! Jangelaz deskuidatu ginen! Eta? Zer gertatu zen bada? Ezer ez. Haiek gu onartu egin gintiztean; onartu bakarrik ez, bertakotu, guneratu, izartu... nahi duana. Eta gu, deitu gabeko toki eta jendarte hartara egokitu egin gintuan.

Hotzikara sortzen zidak bai, gehiegitxo egokitzera ohitzeak. Igurtzia beti onuragarri baduk, mimetizatzeari kaltegarri baitzeritzot.

Ilupe azaldu natzaik oso. Ez duk hainbesterako. Txakalaldia baino ez duk izango, garai bateko baso-mutilen siesta-eskubidea bezala maiatzeko Santa Krutzetatik iraileko Santa Krutzetara iraungo duena. Halete, egoera aprobetxatu nahi izan diat erraiak lasaitze aldera, bertsoari diodan maitasun bitxiaz bertsoak jartzeko.

Errege goiz bateko
azken opari zen
Amuriza zelarik
zenik Amurizen
nik al dakit zergatik
maitemindu nintzen?
bihotz kontua soilik
ez zait iruditzen
gorputzak beste gauzik
ez zidan agintzen.